/tmp/jsmcn.jpg Nazioarteko jardunaldia: gastronomiaren eragina iraunkortasunaren arloan – BCC Innovation

Single Blog

image description

Nazioarteko jardunaldia: gastronomiaren eragina iraunkortasunaren arloan

Azaroaren 19an eta 20an, Basque Culinary Centerrek eta FRUTOk ekimen berezi eta paregabe bat eskainiko dute, gastronomiak iraunkortasunaren arloan duen eraginari buruz hausnartzeko eta belaunaldi gazteak behar ditugun aldaketen munduan engaiatzeko

Informazio gehiago eta Izen ematea: https://sustainability.bculinary.com

Aldaketa sakonen garaiotan, Basque Culinary Centerrek, BCCInnovation-en eskutik, eta FRUTOk iraunkortasunari buruz hitz egiteko beharra ekarri dute mahai gainera, baita gastronomia sektorea etorkizunak dakartzan ingurune‑, ekonomia‑ eta gizarte‑errealitateekin konektatzeko beharra ere. Hori guztia nazioarteko adituen eskutik, eta ekintzari begirako dinamika bizien bitartez egingo da. Esperientziak trukatzeko, ezagutza partekatzeko eta lan‑tresnak eskaintzeko xedez, datorren azaroaren 19an eta 20an nazioarteko online jardunaldi bat egingo da, jende guztiarentzat irekita, kolektiboki kontzientziatzeko gastronomiak duen eraginaz, elikagaien ahalmen eraldatzailea ulertzen denean. Horrek, garai hauetan, garapen iraunkorreko ereduen aldeko apustua egitea dakar. 

Hitzaldien eta tailerren bitartez, ekitaldi horrek dei egiten die sektore horretako profesionalei, eztabaida horrenganako interesa duten pertsonei, eta, batez ere, munduko eremu askotako gazteei, zeintzuei gure ekoizpen eta kontsumo moduen aldaketaren parte izateko deialdia egin zaien.

“Gizakien eta elikagaien arteko harremana aldatu beharra dugu. Sinesgaitza iruditzen bazaigu ere, hamarkada gutxi batzuen buruan, gure eguneroko bizitzan eragin sakona izango duen neurrigabeko arazoa hautemango dugu. Gero eta nabariagoa eta ezinbestekoagoa da sukaldarien rola, baina baita sektore horretako balio‑katea osatzen duten pertsona guztiena ere. Premiazkoa da ekintza iraunkorrak gauzatzen hastea, eta ulertzea elikagaiak, osasun‑iturri izateaz gain, jakintza‑, historia‑ eta kultura‑iturri ere badirela. Berebizikoa da belaunaldi berriak engaiatzea eta haiei ahotsa ematea”, adierazi du FRUTOren sortzaile Alex Atalak. 

D.O.M jatetxeko chefa egongo da honako kide hauek biltzen dituen zerrendan: Douglas McMaster (Silo, BH), Matt Orlando (Amass, Danimarka), Tracy Chang (Pagu, AEB), Selassie Atadika (Midunu, Ghana), Oliver Holt (Kitchen Farming Project, AEB) eta Jaime Rodríguez (proyecto Caribe, Kolonbia). Horietaz gain, diziplina anitzetan aditu diren batzuk ere izango dira, esaterako, Miles Irvin etnobotanikoa (BH), Chido Govera aktibista (Zimbabwe), Elsa Yranzo diseinatzailea (Espainia), Carolyn Steel arkitektoa (BH), Camille Etienne ingurumen arloko aditua eta Pamela Coke‑ Hamilton (International Trade Centre), beste hainbaten artean. 

“Aurtengoaren moduko urte ezohikoan, ezin dugu iraunkortasunaren eztabaida bistatik galdu; aitzitik, asko eskatzen duen testuinguru konplexu batean kokatu behar dugu, eta gastronomiak gai izan behar du ekidin ezingo ditugun eraldaketa prozesuetara batzeko, aktiboki eta sormenarekin”, adierazi du Jose Mari Aizegak, Basque Culinary Centerreko zuzendariak. Aizeagari jardunaldi honetara deitu zaio aztertzeko nola “murriztu, konpondu, berreskuratu, berrerabili, eta birziklatu, baita janariarekiko elkarrekintza ereduak nola berriro pentsatu eta irudikatu ere”. 

José Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatuak azaldu du ostalaritza dela tokiko ekonomia- eta lan-motor garrantzitsuenetako bat, eta, era berean, ingurumenean eragin handia duen sektorea dela. «Sektore horri lagundu behar diogu, iraunkortasunean aurrera egin dezan, eta ingurumen-inpaktu txikiagoa, baliabideen kontsumo txikiagoa eta hondakin gutxiago sortzen dituen sektore gisa eraiki dadin», adierazi du foru-arduradunak.

Programan, beste gai askoren artean, honako hauek jorratuko dira: ekonomia zirkularra, biodibertsitatea, baliabideen maneiu efizientea, food design, kontsumoa, giza antolakuntza, hiriko ortu eta soroak, nowaste sukaldaritza, aktibismoa eta politika publikoak. Izena emateko epea irekita egongo da gaurtik aurrera, urriak 28, https://sustainability.bculinary.com webgunean. Zuzenean transmitituko da 4 hizkuntzatan, Zoom eta Youtube plataformen bidez (azken honetan itzulpenik gabe eta lehen egunean bakarrik). 

“Ekintza horrek belaunaldi honen rola fokuratuko du, baina, batez ere, belaunaldi berriena ere: elikagaiek giza harremanetan duten balioa nabarmentzen duten elikadura‑sistema osoko sukaldari eta eragileena, betiere diziplina anitzeko ikuspuntu kultural, sozial eta politikotik… Izan ere, gastronomia eraldaketa tresna garrantzitsua delako uste osoa dugu”, gehitu du Felipe Ribenboim FRUTO | diálogos do alimento mintegiaren sortzaileetako bat.

Alex Atala chef brasildarrak eta Felipe Ribenboimek elikagaien inguruko eztabaida globalak sustatzeko FRUTO izeneko plataformaren eta Basque Culinary Centerren (Donostia‑San Sebastiánen ereindako prestakuntza eta berrikuntza zentroa) arteko elkarlanetik sortu da Donostiako Iraunkortasun Jardunaldiaren 9. edizioa. Hori guztiori, Gipuzkoako Foru Aldundiaren finantzaketarekin eta Aquanaria eta Mahou‑San Miguel enpresen lankidetzarekin.  

Informazio gehiago eta izen ematea: https://sustainability.bculinary.com