IKERGOXO
PROIEKTUARI BURUZ
Azken urteetan, azukre erantsi eta edulkoratzaile kantitate altuko produktuen kontsumoa nabarmenki nagusitu da mundu mailan, hainbat gaixotasun kronikoen, besteak beste obesitatea, areagotzearekin zuzenki erlazionatu dena. Gainera, gorakada horri lotuta, goxotasuna onartzeko atalasearen igoera ere identifikatu da. Gizakiak berezko lehentasuna du substantzia goxoen alde, beraz, kontsumoa murrizteko irtenbidea pertsonen gustuak eta aukerak gutxiesten ez dituzten alternatibak proposatzera lerrokatu behar da, goxotasuna onartzearen atalasea jaitsiz. Elikagaien hautaketa prozesu konplexua da, bai elikagaiak berak bai pertsonak eta kontsumoaren testuinguruak garrantzia dute; proiektu honek kontsumoaren testuinguruak goxotasun pertzepzioan duen eragina aztertzea du helburu.
Kontsumoaren testuinguruak produktu baten onarpenean eta pertzepzioan duen eragina zehazteak, hautatze prozesuan parte hartzen duten mekanismoei buruzko informazioa eman dezake, bai eta produktu eta testuinguru horrekin eskuratutako ikasketetan ere. Horrela, estimulu goxoen, testuinguruaren eta pertzepzioaren arteko harremanari buruz sortutako ezagutzan oinarrituta, tresna didaktikoak diseinatu daitezke biztanleria orokorrean edo segmentu jakin batean elikagai osasuntsuagoak sustatzen laguntzeko.
BCCInnovation-ek, Basque Culinary Center-eko gastronomia arloko ikerkuntza zentro sektorialak, jaten duguna eta zelan jaten dugunaren inguruan ezagutza arrazoitua eraikitzera bideratzen ditu bere ikerkuntza eta ekimen guztiak. Alor honetan, elikagaien pertzepzio sentsoriala eta honek elikagaiak hautatzeko duen harremana ikertzera bideratuta dagoen lan ildoak, jendeak jateko ohitura osasuntsuak, jasangarriak eta atseginak aukeratzera laguntzeko gakoak argitzeko helburu du.
Proiektua Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Sailburuordetzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak finantzatzen du.